Iraila. Berriz hastea. Kurtso berria; bai eskolan, bai politikan. Asmo, itxaropen, aurreikuspen eta erronka berrien garaia. Zail, konplikatu aurkezten den etapa berria, argitzeko hainbat gauza dituena; horiek argitu ahala joango da bide berria zehazten...
Zalantzarik gabe, ETAk egindako iragarkiak markatu du hasiera. Aurrera urrats bat dugu, durarik gabe; baina, edozein kasutan, “erdi bidean” geratzen dena: anbiguotasuna nagusi, ta espero genuen mezua faltan. Hori bai: fitxa-mugimendu honek aurrera pausu sendoa eskatzen dio azken aldian komunikatu lauso eta arinetan murgilduta egon den ezker abertzaleari. Denok dakigu, eta beraiek inork baino hobeto, “indarkeriaren garaia” amaitu dela dagoeneko; “politikaren garaia” dela, hau da, gizarteari era garbian eta hertsapenik gabe proposamenak planteatzeko garaia. Ezker abertzalea bakarrik dago, eta bakarrik hartu behar du “bide politiko eta demokratikoen” zidorra. Azken urteko gogoeta guztiak egi bihurtzeko momentua da: benetako ordua. Zenbat eta lehenago egin, hobeto guztiontzat; beraientzat baita.
Esparru politikoan, fokuak Estatuko Aurrekontu Orokorretarako negoziazioetan dira; Zapatero urduritasunak jota -arrazoi faltarik ez du-, eta alderdi popularra zain; akordiorik lortzen ez den eta Hauteskundeak aurreratzen diren adi...
Hain ulergarria ez dena PSEren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera da; izan ere, Euskadiren autogobernuaren eta transferentzien alde egin beharrean, badirudi EAJren jeloskor direla... berau, bitartean, Euskadiren interesak defendatzeko, daukan erantzukizuna gauzatuz, Gobernu zentralarekin Aurrekontuak negoziatzea planteatzen.
Arlo ekonomikoan, krisiak dirau oraindik; izan ere, joan den abuztuan modu kezkagarrian egin zuten gora langabeziaren datuek. Alderdi Sozialistak datu hauei irmotasunez nola aurre egin jakin gabe eta etorkizun-ikuspegi eskasarekin jarraitzen du; lehenengo “ostrukaren politika” erabili zuen, eta, orain, “txakur zaunkalariarena” (hozka gutxikoa).
EUDELi dagokionez, Udal Legeari buruzko albisteen zain jarraitzen dugu. Sei hilabete bete dira Euskadiko udal guztiok Lege berrirako adostutako agiria Lehendakaritzan aurkeztu genuenetik. Lan gogorrena eginda dago; lehenengo aldiz, udal guztiak ados jarri gara Udal Legearen oinarrietan. Orain, Jaurlaritzak bere proposamena aurkeztea baino ez da falta. Premiazkoa da, ezinbestekoa, eta astero-astero eskatuko dugu.
Eta Tolosan... Beno, Tolosak aparteko ‘post’ bat merezi du, eta datorren asterako utziko dut. Bakarrik aurreratuko dut udari hondartzako voley txapelketa batekin eman diogula amaiera. Bai, hondartzakoa; promes egiten dizuet hori erakutsiko duten argazkiak jarriko ditudala...
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Errespetu falta adierazten duten iruzkinak ez dira onartuko. // No se aceptarán los comentarioa que falten al respeto.