jueves, 1 de abril de 2010

Azkunarekin Bilbon


Lehengo astean Bilboko Barrainkua zentroan, Azkunarekin “mano mano” batetan parte hartu nuen. Topaketa EAJko gazteek antolatu zuten, eta gaia “hiriak, abertzaletasunaren ezina” izena zuen.
Aurrena bi hitz lekuari buruz. Alde batetik, txikia gelditu zala, nahiz eta txikia ez izan, Bilbon ez bait dago txikia den ezer ere ez. Jende ugari eta oso giro ona, jende gaztea eta heldua ere bai, Gorka Agirreren oroimenez antolatutako ekitaldi honetan parte hartzera etorri zena. Eta beste aldetik, mahaian lau pertsona ginen, bi antolatzaile gazteak eta bi alkateak, bainan mikrofono bakarra, eta han ibili ginen denok mikrofonoa gora eta behera alde batetik bestera.
Bainan gatozen gaira. Esan behar dudan aurreneko gauza da, Azkunak tituloa hankaz gora jarri zuela. Ez hitzaldiarekin bakarrik, baizik eta bere jarrerarekin, barruan eta kalean, erakutsi zuen abertzaletasunak iragan eta etorkizun asko daukala gure hirietan, eta Bilbon batez ere noski.
Azkunak ibilbide historiko bat aurkeztu zigun. Aranarekin hasi; Agirre Lehendakaria gogoratuz, egun hartan bertan Begoñan ospatu zan Agirreren oroimenezko meza; eta gaur eguneraino iritsiz. Azkuna baikorra da, eta Euskadiren eskubide historikoetan ikusten du gure herriaren etorkizunerako bidea.
Hitzaldia amaitu ondoren kalera irten ginen, eta han eduki genuen aukera garbia “Azkuna en acción” ezagutzeko, batarekin eta bestearekin, denentzako dauka zerbait, abilezi berezia dauka jendearekin egoteko, entzuteko eta erantzuteko.
Forman ikusi nuen Azkuna eta poztu nintzan. Alkateen zeregina ez da erraza, eta Azkunak bi ordu haietan gauza asko erakutsi zigun: bere ezagupen historikoa, bere gaur eguneko ikuspegi zorrotza eta, baita ere, jendearengana iristeko abilezia.
Azkunak bi ordutan, berak bakarrik, erakutsi zigun “hiriak, abertzaletasunaren aukera” direla, bera bezalako alkate, politiko eta plazagizonekin behintzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Errespetu falta adierazten duten iruzkinak ez dira onartuko. // No se aceptarán los comentarioa que falten al respeto.